2009-01-18

PROPOSAMEN DIDAKTIKOAK

Eskoletan, txikitatik hasi beharko litzateke heriotzaren pedagogia lantzen, adin bakoitzari dagokion ulermen ahalmena errespetatuz. Astero lantzeko gaia ez da, baina ezin dugu ezkutatu. Gaur egun gizarteko zenbait alderdietatik, heriotzaren pedagogia aldarrikatzen da, familiatik eta eskolatik batez ere.
Aurretik hainbat adituk gauza bera eskatu zuten, besteak beste, Elisabeth Kübler-Ross, Louis-Vincent Thomas, Octavi Fullat, Javier Gafo, Karl Jaspers,…

Heriotzaren pedagogiaren xedea, ez da umea heriotzatik babestea, baizik eta txikitatik heriotzaren egiazko izaeraz ohartzera laguntzea.
Heriotza gaia, hezkuntzan lantzea garrantzitsua da, eragin pedagogiko duelako umeen prestakuntza psikoemozionalean.



Heriotzaren pedagogiaren helburuak adinaren arabera desberdinak izango dira, baina badaude baliagarri izan daitezkeen helburu orokor batzuk:

-Norberaren bizitzaren balioei buruzko hausnarketa egin eta une bakoitza bakarra bailitzan sakonki bizitzeko beharraz ohartzen lagundu.

-Heriotza bizitzaren bukaera naturala dela ulertzen lagundu.

-Haur eta gazteei, heriotzarekin ahalik eta estuasun eta larrialdi gutxien sentitzen lagundu.

-Haur eta gazteei maite dituzten pertsonen edo animalien heriotzak gertatzen direnerako tresnak eman eta gaia landu.

-Doluaren dinamika ulertu eta maite diren pertsonen galeren aurrean sortzen diren erreakzioak ulertu.

-Maite diren pertsonen galeren aurrean norberaren sentimenduak adierazteko gai izan eta besteen adierazpenak entzuten et ulertzen ikasi.

-Etxeko doluaren garrantzia berraurkitu eta maite diren pertsonez inguratuta hiltzearen garrantzia.

-Maitatzen den pertsona baten heriotza norberaren hazkunde pertsonalerako baliagarria izateko bideak aztertu.

BALIABIDE PSIKOPEDAGOGIKOAK II (Erantzun enpatikoa)

Enpatiak adimen emozionalarekin lotura estua du. Enpatia garatzerakoan norberaren emozioak jokuan sartzen dira eta besteen sentimenduak zentzuz ulertzen ditugu. Sentimendu horiek bihotzarekin sentitu eta adimenarekin konprenitzen ditugu. Enpatiak besteen ikuspuntua, pentsamenduak, nahiak eta sinesmenak ulertzea dakar.

Heriotza ondoko egoeretan, irakasle edota hezitzaileek ez dakite nola hurbildu, eta egitekotan ez dakite ze esaldi erabili. Beraiengandik erantzuna espero dela argi daukate baina erantzun hau nola gauzatu? Hona hemen, trantze horietan erabil ditzakegun adierazpen mota batzuk:



-Begietara begiratzea.
-Interesa eta ulermena adieraztea
-Intimitatea errespetatzea
-Toki egokia bilatzea
-Une horretan mina sentitzen duena erantzun egokiena emango dionarengana zuzentzea (sendagilea, gizarle laguntzailea, psikologoa, abadea…).
-Geure burua hobeto ezagutzeko, lehenik eta behin galerei, heriotzari, sufrimenduari eta doluari buruz geure buruarekin lan egitea.
-Guztia komunikazioa dela onartzea
-Sufrimenduan laguntzeko ikastea eta praktikatzea
-Errespetukzko isiltasuna izatea.
- Nohizean behin baliagarria izaten da besteak komunkatzen duenari buruz ulertzen duguna laburtzea, esateko. Adibidez: ”ea ondo ulertu dudan: beldur eta triste sentitzen zarela uste du…”
-Era honetako esaldiak esatea: “gogorra benetan”, “logikoa horrela sentitzea”, “gizalegezkoa da horrela sentitzea”, “beldurtuta eta triste egoteko modukoa da”,”une honetan ez dakit zer esan. Laguntzeko prest naukazu”



Berri txarrak emateko, erabil ditzakegun esamoldeak:
-Gertatzen ari dena garrantzitsua da…
-Egoerak okerrera egin du…
-Gure artetik alde egin du.
-Bai, hil egin da.
-Nahi baduzu, horrelako uneetarako telefono zenbaki bat eskain diezazuket



Galderak egiteko formulak:
-Nola gertatu zen?
-Zerk arduratzen zaitu?
-Zalantzarik ba al duzu?
-Nola jakin zenuen?
-Elkarrekin egin dezakegun zerbait ba al dago?
-Beste zerbaitez hitz egin nahi al duzu?
-Berba egiteko, laguntzeko…norbait bilatzea nahi al duzu?
-Zure sendagilearekin berba egin al duzu?
-Bakarrik egon nahi al duzu?
-Bakarrik uztea nahi al duzu?
-Egun batzuk barru dei diezazuket?
-Beste zerbait egin dezaket?

BALIABIDE PEDAGOGIKOAK I (Entzute aktiboa)


Galera esanguratsuetan izaten diren dolu prozesuetan, komunikazio aldagaiak, berebiziko garrantzia du.

Laguntzea arte bat da, irakatsi eta ikas daitekeena, baina ezaugarri batzuk eskatzen ditu: errespetua, elkartasuna, pazientzia, positibotasuna eta enpatia.

Beste norbait enpatikoki laguntzeko kalitatez entzuten jakin behar dugu eta ekintza hori, entzute aktiboa deritzo. Honelako elementuak ditu: hitza kendu gabe entzuten jakin behar da; arreta eta errespetua adieraziko duten distantzia eta gorputz jarrera izan behar da; hitz egiteko baino entzuteko interes handiagoa izan behar da; eta solaskidearen hitzezko mezuak nahiz hitzezkoak ez direnak arretaz jaso behar dira. Horrez gain, beste baliabide batzuk ere erabili behar ditugu, hala nola, galderak egiteko eta laburtzeko baliabideak, eta informazioa itzuliz elkarrizketa gidatzeko baliabideak.

Horrela, laguntza behar duen pertsonak arretaz entzuten diotela eta ulertu egiten dutela sentituko du.

Entzute aktiborako saihestu beharreko adierazpenak

-“Ez arduratu” esatea
-“Ez negarrik egin” esatea”
-“Dena ondo joango da. Ez horretan pentsatu” esatea

Entzute aktiborako saihestu behar diren jarrerak

-Iritzia ematea
-Epaitzea
-Aholkatzea
-Norberaren bizipenetan oinarrituta orokortzea
-Paternalista izatea
-Presa duzula adieraztea inolako begirunerik gabe.
-Oztopo fisikoak edo ez fisikoak egotea:altzariak, argia…
-Jarrera teknifikatua erabiltzea
-Ihes egitea
-Gehiegizko informazioa ematea
-Baliorik gabeko informazioa edo une horretan egokia ez dena ematea.
-Gezurra esatea.

Entzute aktiborako bultzatu behar diren jarrerak

-Hitzezkoa ez den komunikazioa zaindu behar da: ahotsaren tonua eta bolumena.

-Errespetuzko harreman fisiko maitekorra izan behar da (ondo hartzen badu).

-Jarrera atsegina edukitzea.




-Entzutean lasaitasuna adieraztea.

-Aurreiritziak ez izatea.

-Talde lanean aritzeko jarrera izatea.

-Bakarkako zein taldeko elkartasuna erakustea.

-Galdetzeko eskubidea sentitzea.

Doluaren pedagogia

Ikasgelan, heriotza edota galera baten ondorioz, sor daitezkeen krisien aurrean, doluaren pedagogiak eskaintzen dizkigun proposamenak, lagungarri suertatuko zaizkigu. Une larri baten, zein urrats eman behar diren, eta zelan bideratu jakitea lasaigarria da. Sarritan gertatzen baita, hezitzaileak, lagundu nahi arren, emozionalki blokeatuta geratzen direla.

Taldean lan egitea garrantzitsua da, eta gelako krisi egoerari aurre egiteko erantzunkizuna, taldearena izango da. Hona hemen, jarrai daitezkeen urrats batzuk:

*Heriotzaren berri beste iturri batzuetatik jaso baldin badugu, familiarekin harremanetan jarri eta gure ikaslearen egoeraz interesatu, gure laguntza eskainiz.

*Familiak egingo dituen erritualen berri jaso ondoren, eta ikaslea eskolara ez dela etorriko ziurtatu ondoren, komenigarria da gainontzeko ikasleekin talde dinamika bat egitea, sentitzen dutena adieraz dezaten. Dinamika hau ikasgelan, kaltetutakoa ez dagoenean, landuko da. Gero, gelara itzultzen denean, tutoreak emango dio gelakideen mezuaren berri, baina gelatik kanpo, beste ikaskideen presentzia barik.



*Zenbait kasutan, errituetan presentzia sinbolikoa izateak, lagundu egiten du (elizkizunetara joatea, lagunen izenean dolumina adieraztea...), betiere familiaren intimitatea apurtu barik eta beraien desioa errespetatuz.

*Ikaslea gelara itzultzen denean, kontuan izan zelan ari den garatzen bere dolua, eta dinamikak egiteko ea prestatuta dagoen.



*Ikaskide bat hil baldin bada, komenigarria da bere mahaia hutsik eta bere erreferentzia batekin uztea, ikasturtea amaitu arte. Gelakideek denbora behar dute agurtzeko, eta bukaeran, talde dinamika bat egin daiteke hildako lagunaren oroimenarekin lotzeko.

*Dolu konplexu kasuetan, eskolak laguntza psikologikoa proposa dezake. Hainbat kasutan, familiak ez dira konturatzen behar horretaz edo ez dakite nora jo.

Nerabeak eta heriotza


Haurrek eta helduek dolura hurbiltzeko duten moduak, nerabezaro aurreko garaian dute, antzik handiena. Gainera, nerabezaroek bere ezaugarri bereziak dituzte.
Galera esanguratsu baten aurrean, nerabe baten erreakzioetan hainbat faktore daude: nerabearen egoera ebolutiboa, izaera, iraganeko eta gaur egungo ingurunea (familiarra, eskolakoa, bere erreferentzi taldea…), galeren, sufrimenduaren eta heriotzaren aurrean bere heziketan jaso dituen mezu ezkutuak eta esplizituak, etab.


Helduak kontu handiz ibili beharko dira, nerabeek dolu prozesuak bizitzeko dituzten moduan, eragina zuzena dutelako. Nerabeek oso talde zehatza osatzen dute, eta doluan talde horren ohiko ezaugarriak ager daitezke: norbera bere baitan ixtea edo bere kideen taldeari soilik irekitzea.

Nerabeen dolu prozesua lantzerakoan, helduei eta haurrei zuzendutako gomendio asko jarraitzen dira. Esate baterako: ez ukatzea gertatutakoa, ez saihestea, bera den moduan agertzeko eta bere egoera azalaratzeko denborak eta espazioak erraztea, egoera zehatz horren aurrean nola sentitzen den eta zer pentsatzen duen adierazteko aukera ematea etab.
Nerabeen isiltasuna errespetatu egin behar da, eta ager daitezkeen adierazpenak zeintzuk diren igartzeko, arretaz jokatu behar da, dolu prozesuan ahalik eta hobeto lagun ahal izateko.


Nerabeak laguntzeko, kontuan izan behar ditugun puntuak hauexek dira:

-Askotan, zenbait egoeretan, nerabeari erantzukizun handiko rolak ezartzen zaizkio. Adibidez, aita edo amaren heriotza edota gaixotasun larri baten aurrean. Beraz, ahal den neurrian, hori saihesten ahalegindu behar dugu.

-Garrantzi handia du haur eta gazteei hileta erritoetan parte hartzeko gonbidapena egiteak ere. Agur emateko aukera ematen diegu.

-Heriotzagatik, banaketa batengatik, norbait gaixo jarri delako edo beste arrazoi batengatik familiako kide bat galtzen denean, nerabearengan porrot (frustrazio) sentimendua sortzen da. Modu askotara ager daiteke: pertsona horri errua egoztea, konturatu gabe erruduntzat jotzea, etab.

Esparru honetan lan egin duten autore asko daude: Earl A. Grollman, Maria Antonia Plaxats, Jesús Cosido Soley, Concepció Poch, J. William Worden, Irvin D Yalom, etab.

Umeak eta dolua

Haurren ikaskuntzaren funtsezko oinarriak behaketa eta imitazioa dira. Horregatik, badakigu, gure baitan dagoela neurri handi batean haurrak heriotza barneratzea. Heriotzaren inguruan ez ditugu erantzunik eta zaila suertatzen zaigu besteei erantzunak ematea. Alabaina, helduon beldurrak haurrengan proiektatzen baldin baditugu, beraien bitarteko propioak sortzeko aukera kentzen diegu. Hezitzaileentzat, (guraso zein irakasle), lagungarri izan daitezkeen jokabideak azalduko ditugu.


-Beti haurren galderak entzun. Gura dutena itaun dezatela.

-Heriotzen aurrean, utzi doluaren erritoetan parte hartzen, betiere beraiek nahi dutenean eta beraien erara: marrazki bat eginez, lore batekin...



-Ez sufritzeko intentzioz esaten dizkiegun gezurrak eta sortzen dizkiegun itxaropen faltsuak ekidin.

-Emozioen adierazpena bultzatu ipuinen, marrazkien, musikaren...bidez

-Haurrak galdetzen duen puntura arte informatu.

-Berak errurik ez duela adierazi, nahiz eta hildakoarekin haserretuta egon izana.

- Hildakoa agurtu eskutitzekin, marrazkiekin, grabazioekin...



-Galeraren errealitatea barneratzen duten eta komunikatzea ahalbidetzen duten metaforak erabili: ilargia, zuhaitza, hostoak, itsasoko olatuak...naturako elementuak.

-Heriotza bizitzaren zati banaezin dela erakusten duten esperientziak erabili. Aitita, animalia bat, ezagun bat...hiltzen den unea aukera ona izan liteke bizitzaren eta heriotzaren zikloaz hitz egiteko.

-Komunikabideetatik edo adin txikikoentzat egokiak ez diren filmetatik heriotzari buruz jasotzen duten gehiegizko informazioa ekidin. Gure txikiak ezin barnera dezaketen neurrigabeko informazioaren aurrean jartzen ditugu eta horrek antsietate eta irudimenezko ezbeharrekiko beldurra sortzen die.

-Porrotaren (frustrazio gisa ulertuta) ikaskuntza bultzatu. Heriotza da frustrazioen adierazgarri handiena eta lagungarri izan liteke planteamendu curricularretako erreferentzia pedagogiko-filosofiko modura.

-Irakasle taldeari laguntza eskatu, anabasa eta krisi egoeran bakartuta gelditu barik.

"Nahiz eta heriotza..."


Oraingo honetan, berriki utzi gaituen Mikel Laboaren, euskal kantagintza berriaren ildoko musikari eta kantari handienetarikoaren, kanta bat dakarkizuet. Euskal kantagintza tradizionala jorratu zuen, alde batetik, besteak beste, aintzinako doinu eta abestiak berreskuratuz. Bestetik, bide erabat esperimental eta berritzaileetan aritu zen. Bere kantetan heriotza gaia behin baino gehiagoetan azaltzen da. Hona hemen, gustuko dudan abesti bat.

Doluaren lau pausu

Doluaren zentzuzko elaborazioak, pertsonari egoera latz hori gainditzeko gaitasuna eman diezaioke, pertsona hori desberdina eta indarberrituta ateraz. Baina horretarako pausuak eman behar ditu eta bizitzaren ikasgai gogorrak barneratu. Mina ezabatuko duen laburbiderik ez dago. Mementu gogorrak egongo dira eta emozio handiko uneak. Pertsona bakoitzak bere erritmoa eramango du baina gehienek lau pausu hauek jarraitu beharko dituzte:

*Galera onartzea
Apika bizitzan egin duen gauzarik zailena izango da, baina errealitate gordina onartu beharra dago: Maite zuen pertsona hil da ez da berriz bueltatuko. Hau buruarekin onartzea erraza da baina bihotzarein, berriz, oso zaila.
Heriotza onartzea kasu batzuetan zailagoa da. Esate baterako, heriotza gertatu zenean urrun egon bada, gorpua ezin izan bada berreskuratu, hileta errituetan parte hartzerik izan ez badu, etab

*Mina sentitu
Mina sentitu behar da eta baita minari laguntzen dioten emozio guztiak: tristura, ernegua, beldurra, errua…
Mina hau besteei erakustea lagungarri suerta daiteke. Edozein modutan ere, min horri irteera eman behar zaio eta emozioak bizi egin behar dira, publikoki edota bakarka.



*Hildakoa barik bizitzen ikasi
Zure mundua geldirik geratu dela sentitu arren, bizitzak jarraitzen du. Sentipen eta ekintzen arteko oreka bilatu behar da.
Dolu prozesua egitea, bakarrik bizitzen ikastea da, erabakiak hartuz. Lehen hildakoak egiten zituen zereginetaz arduratzea, senitarteko eta lagunekin erlazionatzeko modu berriak ikastea, etab

*Bizitzarekiko interesa berreskuratu
Iragana eta mina aske uztea beharrezkoa dela sentituko du. Bizitzak aukera anitz dituela. Zoriontsu izateko nahia zilegia da, eta baita bizitzaz gozatzea, pertsona berriak ezagutzea eta ekintza berrietan jardutea, ere.
Beste pertsona batzuk maitatzea bidezkoa da. Horrek ez du esan nahi hildakoa gutxiago maite duenik.

Dolu prozesua bukatzea eta ahanztea ez da gauza bera.
-Harremana txarra izan bazen, bestea barkatzea eta norberaren burua barkatzea ekarriko du.
-Bestearengan pentsatzea min ziztada sentitu barik eta elkarrekin bizi izandakoa maitekiro gogoratu
-Azken urte edo hilabetetan bizi izandakoari zentzua eman ahal izatea
- Maitasuna ez dela heriotzarekin bukatzen ulertzea.




Halere, ezin da norberaren senera bueltatu, esanguratsua den galera baten ostean, nolabait, horrek pertsona aldatu egiten duelako betiko. Ez dago atzera bueltatzerik eta ezbeharra aldatzea, baina nahigabeari aurre egiteko modua gure esku dago.

Heriotza osteko dolu prozesua

Dolua, maite dugun pertsona baten heriotza edota galera baten ondoren izaten den prozesua da. Mingarria da eta egoera berrira egokitzapena dakar.
Dolua elaboratzeak zera esan nahi du: izandako galerak utzi digun hutsunea sentitzea, horren garrantzia baliostea eta horrek dakarren oinaze eta frustrazioa jasatzea.
Doluaren luzaera eta indarra aldagai anitzen menpean dago: heriotza mota (bapatekoa, aurreikusitakoa, lasaia, biolentoa…), hildakoarekiko lotura, hildakoarekin izandako harreman ezaugarriak (menpekotasuna, gatazkatsua…), adina, etab.



Dolu prozesuetan zeharkatzen diren aldiak konplexuak dira. Galera baten ostean, sortzen diren dolu prozesu guztiak ez dira berdinak; pertsona bakoitzak bere dolu propioa du. Ondoren deskribatuko ditugu gehienetan agertzen diren sentimenduak:

Ukapena/ sinestesgaiztasuna
-Ez da egia! Hau ametsgaizto bat da!
Pentsatzen du maite duen hori oraindino bizirik dagoela. Ateko txirrina entzun eta uste du bera izango dela. Ez du itzuliko den itxaropena galdu. Oraindino denbora behar du.



Sentikortasun eza
Beste bati (eta ez berariri) gertatu izan balitzaio bezala
Ez da erreala, hodei baten moduan sentitzen da, gauzak automatikoki egiten ditu, ezin du erreakzionatu… Nahaste sentimendu horrek errealitatea onartzera lagunduko du.

Ernegua, erremina, haserrea
-Zergatik ez du ezer egin Jaungoikoak?
-Osagileek okertu ziren!
-Nik gehien behar zaitudanean utzi egiten nauzu…,
-Eta beste guztiek, berdin berdin jarraitzen dute beraien bizitzarekin…
Munduarekin haserre, denen aurka. Ernegua bere oinazearen atala da eta normala da horrela sentitzea. Minari lekua utzi behar zaio, eta baretu ahala, murriztuz joango da.

Tristura
-Pena handia sentitzen dot!
-Edozer gauzarekin negarrez hasten naz!
Tristeziak sentimendu nabarmenena da eta adierazpen asko du: negarra, pena, malenkolia, nostalgia…Triste egoteko baimena eman behar diogu eta kontuan izan, negar asko edo gitxi egiteak ez duela maitasuna neurtzen.



Beldurra/ angustia
-Izututa nago, zer gertatuko da orain?
Egonezina sentitzen da barnean. Pertsona urduri, kezkatsu dago. Zoratzeko beldur da. Sentimentu deseroso hauek naturalak dira.

Errua
-Osagilearengana joan izan bagina
-Ez diot sekula esan oso maite dudala!
-Ez nuen pazientzi asko berarekin!
Iragana ezin da aldatu. Oinazea handia da eta ez du zentzurik norberaren burua horrela zigortzea. Maite zuen pertsona horren alde, egindako guztiarekin zerrenda bat egitea komenigarria litzateke.

Bakartasuna
-Bakarrik sentitzen naz! Mundua bukatu izan balitz moduan….
Elkarrekin bizipen asko izan ondoren, denbora behar da, maite genuen pertsona hori gabe egotera ohitzeko.

Lasaigarri
-Jaungoikoari esker dena bukatu da!
Gaixotasun luze eta gogor baten osteko sentimendua izan daiteke.

Umore aldaketa
-Duela gutxi nire lagunek eskainitako laguntza eskertzen nuen eta orain pikutara bidaliko nituzke guzti guztiak!
Sentimenduak aldakorrak izan daitezke.

Fisikoki ere gure gorputzak bere erreakzioak izaten ditu. Gorpuaren dolua deitzen zaio:
Goragaleak, bihotz-taupadak, eztarrian edota bularrean estutasuna, korapiloa sabelean, buruko mina, gose eza, loezina, nekea, arnasteko aire falta, ziztadak bularrean, indar eza, sorbaldako mina, dardarak, zaratarekiko hipersensibilitatea, irensteko zailtasunak, ikusmen lausoa, etab



Maite dugun pertsona bat hil ostean honelako jokamoldeak azaltzen dira:
Negar egitea, hasperenka ibiltzea, hilkakoa bilatzen edota deika hastea, hildakoarekin hitz egitea, bakarrik egoteko nahia, jendea saihestea, asko edo gutxiegi lo egitea, konzentrazio eskasa, deskuiduak, distrazioak, sexuarekiko interes falta, apatia edota hiperaktibitatea

Heriotza ohiturak Euskal Herrian

Euskal Herrian, heriotza eta hildako inguruan, ohitura eta erritu zahar asko izan dira. Sarrera honetan honen adibide batzuk jarriko ditugu.
Esate baterako, hilzorian egonda, heriotza luzatzen bazen, teila bat kentzen zuten hainbat herritan, horrela heriotza laburtuko zelakoan.
Gainera euskal gizartean, hileta errituetan, emakumeek gizonezkoek baino garrantzi gehiago izan dute. Emakumeak izan dira neurri handi batean erritu horien bitartekariak.

Hil ostean, beste senideak deitu eta etxeko animaliei ere berria ematen zien, erleei bereziki. Gorpua, etxe bakoitzak zuen bide jakin eta berezi batetik eramaten zuten elizara. Ezin zitekeen bide arruntik erabili. Bide honek izen ezberdinak zituen: elizabide, gorputzbide, andabide, zurrunbide…

Hilerrian etxe bakoitzak bere hilobia zuen. Hasieran, ehorzketak elizan egiten zireneko garaian, hilobia eliza barruan zegoen. Gerora hilerria elizaren inguruan jarri zuten.

Hil meza garaian, etxekoandreak zenbait eskaintza egiten zituen jarlekuan, etxeko hildakoei. Argiaz gain, janariak ere jartzen zituen, normalean ogia (zenbait herritan ogi bereziak ziren, hiru edo lau buru zituztenak), baina haragia eta animaliak ere erabiltzen ziren. Aldi berean, elizaren atarian idi edota ahari bat utzi ohi zuten. Opari gisa ere, hildakoaren ohepekoa (lastozkoa izaten zena), hil bideko lehen bidegurutzean erretzen zuten otoitz bat eginez eta, hainbatetan, ur bedeinkatuaz sua zipriztinduz.

Elizkizunak eta ehorzketa amaitu ostean, senideak eta gonbidatuak etxera joaten ziren mezatako bazkaria zena ospatzera. Bazkarian, otoitza egin ondoren, senideren batek hildakoaren izaera goraipatzen zuen eta gero, denbora pasatu ahala, giroa alaitzen zen, irriak eta txantxak zabalduz han zeuden guztien artean.

Hildakoei egiten zitzaien oparien artean argia zen garrantzi gehien zuena. Iluntasunaren mundu horretan argia ezinbestekoa zela uste baitzuten. Horretarako tortxa eta kandelak erabiltzen ziren; batzuk ezko luzedunak ziren. Hauek ezkogixor edota bildumena izena hartzen zuten. Askotan ohol berezi bati inguraturik zegoen ezkoa; ohol horrek argizaiola du izena. Argizaiolak giza itxura du eta askotan oso landuta dago. Argizaiolak, beste opariak bezala, jarlekuan jartzen ziren.

Heriotzaren adierazpenak historian zehar

Denboren hasieratik, aro, herrialde eta kultura guztietan, gizakiak heriotza, espiritualitate eta hil osteko munduarekiko interesa adierazi du. Neanderthal gizonen garaietan, ehorzketen hilobietan, gorpua uzkurtuta agertzen zen, ondoan ofrendak zituela eta lurra, errekarriz estalita.

Neolitiko eta Brontze-Aroan, hilobi-monumentuak: trikuharriak, dolmenak, harrespilak etab., azaltzen hasi ziren. Batzuetan, gorputzaren errautsak lurrontzi batean sartzen zituzten eta harrespiletan lurperatu. Hildakoaren gauzak ere lurperatzen zituzten, beraz, ehorzketek balio sinbolikoa zuten.



Erromatar garaietan, taula itxurako hilarriak agertu ziren. Tauletan hildakoaren gaineko epigrafeak eta sinboloen bitartez, bere bizitzako datuak (izenak, ogibidea, etab.), adierazten zituzten.

Erdi Aroan kristau kulturetan, heriotza pekatuaren ordaina zen, zigorra. Lehenbizikoz hil-oihala agertzen da. Ehorzketak elizetan egiten ziren, hilarriak erabiliz.

Errenazimentuan, heriotza bizitzaren ziklo gisa ikusten hasiko da. Orduko, margolariek, musikariek, heriotza beste modura biziko dute, heriotza ona, ars moviendi (hiltzeko arte) gisa.

Gerora, biztanleriaren gorakadak zirela medio, ehorzketak, eliza barruetatik ondoko lurraldeetan kokatutako hilerrietara pasako dira. Ehorzketa tokiak seinalatzeko, hilarriak erabiltzen hasiko dira berriz.

XVIII-XIX. mendean, berriz, hiriguneak sortu zirenean, higiene neurriak betetzeko asmoz, ehorzketak elizen kanpoaldetatik hirigunetako aldamenetara bideratu zituzten. Kanposantuak hiriko kanpoaldeetan eraikitzen ziren. Ehorzketa tokia, seinalatzen mantenduko da eta leku hau atondu egingo da, metalezko gurutze, panteoi edota kapera txikien bitartez.

Gaun egun, hildakoaren ehorzketa lekua markatzeko ere, hilarriak erabiltzen dira. Baina errausketa, gero eta indar gehiago hartzen hasi da gure gizartean. Orduan, hildakoak bere errautsak sakabanatu nahi izan dituen mendi edota zelaian, zuhaitz bat landatu edota (ahal izatekotan) monolito bat ezartzen da.


Adituarekin solasalditxoa


Aurrekoan, eskoletan heriotza gaia lantzearen inguruan, nire iritzia azaldu nizuen. Oraingoan, gai honetan aditua den Patxi Izagirre Ormazabal, psikologoarekin, Euskadi Irratian egindako elkarrizketa bat ekartzen dizuet. Oso interesgarria iruditzen zait. Eskoletan, heriotzaren inguruan berba egitearen garrantzia azpimarratzen du. Beraren ustez, eskolako egunerokotasunak aukera ezberdinak eskaintzen ditu horretarako. Hori bai, gaiari heltzeko era, umearen adin eta baldintzen araberakoa izan beharko da.

Heriotza hezkuntzan, zergatik gai hau?

Duela gutxi, “Hezkuntzari aplikaturiko teknologia berriak “ ikasgaian, informatika gelan, ostegun batean, goizeko saioan honelako elkarrizketa izan dut, ikaskide batekin:

- Itziar ze gai landuko dozu zure blogean?

-Ba oniño ez dakit…, baina seguraski heriotza hezkuntzan

-Zein esan dozu?

-Heriotza hezkuntzan, baina beno oniño ez dot guztiz erabaki

-Joe, ke tetrika!!!

-Ez keba, gaia interesgarria iruditzen jata eta eskolan gitxi lantzen da, beraz…

-Ia, ia, ba nik …


Heriotza gaia ez zaigu gustatzen. Heriotzari buruz berba egitea tabua da, gustu txarreko gauza bat, desatsegina, deserosoa. Gure mendebaldeko gizarte honetan, heriotza ezkutatu, alboratu, estali eta baztertu egiten dugu. Ez zaigu gustatzen heriotzari buruz hitz egitea. Gaia aldatzen dugu. Herriko kanposantuak ere, badaezpada, hiriko gunetik kanpo ezartzen ditugu. (Guk geuk, gure Magiseko eskola honetatik, Bilboko hilerria ikusten dugu. Behin baino gehiagotan, leihora gerturatu garenean, honelako esaldiak bota eta entzun ditugu:
-ze “yuyu” hain gertu egotea, ezta?).

Alde batetik, heriotza egunero azaltzen da komunikabideetan. Istripuak, hondamendiak, gudak, ezbeharrak, erahilketak… Baina hauek sarritan urrunegi ikusten ditugu.
Bestalde, gertutik ere, ia denok, bizi izan ditugu maite ditugun pertsonen heriotza, edota ezagunena, edota etxeko maskotena. Guztiok dugu bizipenaren bat heriotzaren inguruan.
Heriotza gure bizitzaren alderdi bat da, salbuespen barik, denoi iritsiko zaiguna. Baina asko kostatzen zaigu hau onartzea, eta horren gainean umeekin solastea, are gehiago. Hau dela eta, eskoletan gai hau ez da apenas lantzen.
Nik uste dut eskolak bizitzarako hezitu beharko gintuzkeela eta batzuetan ez da horrela gertatzen. Holakoetan burura etortzen zait Fito y los Fitipaldi-ren kanta bat:


La casa por el tejado

El colegio poco me enseñó….
si es por el maestro nunca aprendo a:
coger el cielo con las manos a reír y a llorar lo que te canto
a coser mi alma rota …

Eskolak abagune ezinhobeak eskaintzen dizkigu heriotza gaia lantzeko, aztertzeko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko. Baina hezitzaileok formakuntza, baliabideak eta batez ere, nahia eta gogoa behar ditugu hau gauzatzeko.
Hau guztiagatik, aukeratu dut gai hau. Nire bitakora hau ekarpen xume bat bilakatu nahi dut, lagungarria izan dadin, gai hau ikasleekin landu nahi, edota behar duenentzat.

2009-01-17

ITSASONTZIAREN MARINELA

Itziar da nire izena. Hezkuntza inguruko gaiak gustuko dodaz. Hezitzaile legez, hezkuntza formalean eta ez formalean ibilitakoa naz, eta orain urte bi, Lehen Hezkuntza espezialitatea egiteko asmoz, Arangoitin dagoen Bilboko Irakasle Eskolan emon neban izena.

Ikasturteak bizkor igaro dira, eta konturatu barik, hirugarren mailan gagoz. Eskolak urtarrilean amaituko dira, examinak otsailean eta azkenik Practicum II.

Gerora zer? Buff..., ba egia esan, buruan bueltaka badodaz hezkuntzagaz zerikusia daben hainbat asmo eta proiektu... baina beno, gero gerokoak....

Dana dala, hemendixik jarraitzekotan, horren barri be emongo deutsuet.


ITSASONTZI BATEN...


-Blog bat egin behar duzula? Blog bat….zuk…?

Horrela erantzun didate lagun eta etxekoek. Antza, arraro samar egiten zaie nik holakorik egitea.
Baita niri ere!

Gainera aitortu beharra daukat, itsaso honetako urak (bitakorak, webquests, tags, hiperloturak, bilatzaileak, giza markatzaileak, folksonomia, wikiak, weblogak…etab luze bat), arrotzak suertatzen zaizkidala, oso.

Horregatik, nire blog hau itsaso hori zeharkatuko duen itsasontzi bilakatuko da. Sasoi hauetan, itsaso barrenean haize-bolada gogorrak eta olatu handiak izaten omen dira, baina lasai gaude. Inguruan baditugu ba, bere laguntza eskainiko diguten marinelak...
Itsasontzi honen asmoak hauexek dira:

- Aurrean aipatu dugun web 2.0 itxaso hori hobeto ezagutzea eta bere uretan gustora murgiltzea.

- “ Heriotza hezkuntza testuinguruetan” gaia jorratzea eta kostalderik kostalde hedatzea

- Urrutiko zein gertuko portutan, hezkuntzaren inguruan jasotako argibide interesgarri edota bitxiak gurera porturatzea.

- Gure Arangoitiko portura, Magisera, ailegatzen diren olatuen marmarrak ezagutaraztea.


Has gaitezen ba arraunean!







Norberaren datuak

Mi foto
Bilboko mendi puntan dagoen Irakasle Eskolan, Lehen Hezkuntza espezialitatea ikasten dot, eta gezurra badirudi be, honezkero hirugarren maila, beraz azken txanpa.....
Plantilla original blogspot modificada por plantillas blog