Mostrando las entradas más recientes con la etiqueta erritu Mostrar las entradas más antiguas
Mostrando las entradas más recientes con la etiqueta erritu Mostrar las entradas más antiguas

2009-01-18

Doluaren pedagogia

Ikasgelan, heriotza edota galera baten ondorioz, sor daitezkeen krisien aurrean, doluaren pedagogiak eskaintzen dizkigun proposamenak, lagungarri suertatuko zaizkigu. Une larri baten, zein urrats eman behar diren, eta zelan bideratu jakitea lasaigarria da. Sarritan gertatzen baita, hezitzaileak, lagundu nahi arren, emozionalki blokeatuta geratzen direla.

Taldean lan egitea garrantzitsua da, eta gelako krisi egoerari aurre egiteko erantzunkizuna, taldearena izango da. Hona hemen, jarrai daitezkeen urrats batzuk:

*Heriotzaren berri beste iturri batzuetatik jaso baldin badugu, familiarekin harremanetan jarri eta gure ikaslearen egoeraz interesatu, gure laguntza eskainiz.

*Familiak egingo dituen erritualen berri jaso ondoren, eta ikaslea eskolara ez dela etorriko ziurtatu ondoren, komenigarria da gainontzeko ikasleekin talde dinamika bat egitea, sentitzen dutena adieraz dezaten. Dinamika hau ikasgelan, kaltetutakoa ez dagoenean, landuko da. Gero, gelara itzultzen denean, tutoreak emango dio gelakideen mezuaren berri, baina gelatik kanpo, beste ikaskideen presentzia barik.



*Zenbait kasutan, errituetan presentzia sinbolikoa izateak, lagundu egiten du (elizkizunetara joatea, lagunen izenean dolumina adieraztea...), betiere familiaren intimitatea apurtu barik eta beraien desioa errespetatuz.

*Ikaslea gelara itzultzen denean, kontuan izan zelan ari den garatzen bere dolua, eta dinamikak egiteko ea prestatuta dagoen.



*Ikaskide bat hil baldin bada, komenigarria da bere mahaia hutsik eta bere erreferentzia batekin uztea, ikasturtea amaitu arte. Gelakideek denbora behar dute agurtzeko, eta bukaeran, talde dinamika bat egin daiteke hildako lagunaren oroimenarekin lotzeko.

*Dolu konplexu kasuetan, eskolak laguntza psikologikoa proposa dezake. Hainbat kasutan, familiak ez dira konturatzen behar horretaz edo ez dakite nora jo.

Nerabeak eta heriotza


Haurrek eta helduek dolura hurbiltzeko duten moduak, nerabezaro aurreko garaian dute, antzik handiena. Gainera, nerabezaroek bere ezaugarri bereziak dituzte.
Galera esanguratsu baten aurrean, nerabe baten erreakzioetan hainbat faktore daude: nerabearen egoera ebolutiboa, izaera, iraganeko eta gaur egungo ingurunea (familiarra, eskolakoa, bere erreferentzi taldea…), galeren, sufrimenduaren eta heriotzaren aurrean bere heziketan jaso dituen mezu ezkutuak eta esplizituak, etab.


Helduak kontu handiz ibili beharko dira, nerabeek dolu prozesuak bizitzeko dituzten moduan, eragina zuzena dutelako. Nerabeek oso talde zehatza osatzen dute, eta doluan talde horren ohiko ezaugarriak ager daitezke: norbera bere baitan ixtea edo bere kideen taldeari soilik irekitzea.

Nerabeen dolu prozesua lantzerakoan, helduei eta haurrei zuzendutako gomendio asko jarraitzen dira. Esate baterako: ez ukatzea gertatutakoa, ez saihestea, bera den moduan agertzeko eta bere egoera azalaratzeko denborak eta espazioak erraztea, egoera zehatz horren aurrean nola sentitzen den eta zer pentsatzen duen adierazteko aukera ematea etab.
Nerabeen isiltasuna errespetatu egin behar da, eta ager daitezkeen adierazpenak zeintzuk diren igartzeko, arretaz jokatu behar da, dolu prozesuan ahalik eta hobeto lagun ahal izateko.


Nerabeak laguntzeko, kontuan izan behar ditugun puntuak hauexek dira:

-Askotan, zenbait egoeretan, nerabeari erantzukizun handiko rolak ezartzen zaizkio. Adibidez, aita edo amaren heriotza edota gaixotasun larri baten aurrean. Beraz, ahal den neurrian, hori saihesten ahalegindu behar dugu.

-Garrantzi handia du haur eta gazteei hileta erritoetan parte hartzeko gonbidapena egiteak ere. Agur emateko aukera ematen diegu.

-Heriotzagatik, banaketa batengatik, norbait gaixo jarri delako edo beste arrazoi batengatik familiako kide bat galtzen denean, nerabearengan porrot (frustrazio) sentimendua sortzen da. Modu askotara ager daiteke: pertsona horri errua egoztea, konturatu gabe erruduntzat jotzea, etab.

Esparru honetan lan egin duten autore asko daude: Earl A. Grollman, Maria Antonia Plaxats, Jesús Cosido Soley, Concepció Poch, J. William Worden, Irvin D Yalom, etab.

Umeak eta dolua

Haurren ikaskuntzaren funtsezko oinarriak behaketa eta imitazioa dira. Horregatik, badakigu, gure baitan dagoela neurri handi batean haurrak heriotza barneratzea. Heriotzaren inguruan ez ditugu erantzunik eta zaila suertatzen zaigu besteei erantzunak ematea. Alabaina, helduon beldurrak haurrengan proiektatzen baldin baditugu, beraien bitarteko propioak sortzeko aukera kentzen diegu. Hezitzaileentzat, (guraso zein irakasle), lagungarri izan daitezkeen jokabideak azalduko ditugu.


-Beti haurren galderak entzun. Gura dutena itaun dezatela.

-Heriotzen aurrean, utzi doluaren erritoetan parte hartzen, betiere beraiek nahi dutenean eta beraien erara: marrazki bat eginez, lore batekin...



-Ez sufritzeko intentzioz esaten dizkiegun gezurrak eta sortzen dizkiegun itxaropen faltsuak ekidin.

-Emozioen adierazpena bultzatu ipuinen, marrazkien, musikaren...bidez

-Haurrak galdetzen duen puntura arte informatu.

-Berak errurik ez duela adierazi, nahiz eta hildakoarekin haserretuta egon izana.

- Hildakoa agurtu eskutitzekin, marrazkiekin, grabazioekin...



-Galeraren errealitatea barneratzen duten eta komunikatzea ahalbidetzen duten metaforak erabili: ilargia, zuhaitza, hostoak, itsasoko olatuak...naturako elementuak.

-Heriotza bizitzaren zati banaezin dela erakusten duten esperientziak erabili. Aitita, animalia bat, ezagun bat...hiltzen den unea aukera ona izan liteke bizitzaren eta heriotzaren zikloaz hitz egiteko.

-Komunikabideetatik edo adin txikikoentzat egokiak ez diren filmetatik heriotzari buruz jasotzen duten gehiegizko informazioa ekidin. Gure txikiak ezin barnera dezaketen neurrigabeko informazioaren aurrean jartzen ditugu eta horrek antsietate eta irudimenezko ezbeharrekiko beldurra sortzen die.

-Porrotaren (frustrazio gisa ulertuta) ikaskuntza bultzatu. Heriotza da frustrazioen adierazgarri handiena eta lagungarri izan liteke planteamendu curricularretako erreferentzia pedagogiko-filosofiko modura.

-Irakasle taldeari laguntza eskatu, anabasa eta krisi egoeran bakartuta gelditu barik.

Doluaren lau pausu

Doluaren zentzuzko elaborazioak, pertsonari egoera latz hori gainditzeko gaitasuna eman diezaioke, pertsona hori desberdina eta indarberrituta ateraz. Baina horretarako pausuak eman behar ditu eta bizitzaren ikasgai gogorrak barneratu. Mina ezabatuko duen laburbiderik ez dago. Mementu gogorrak egongo dira eta emozio handiko uneak. Pertsona bakoitzak bere erritmoa eramango du baina gehienek lau pausu hauek jarraitu beharko dituzte:

*Galera onartzea
Apika bizitzan egin duen gauzarik zailena izango da, baina errealitate gordina onartu beharra dago: Maite zuen pertsona hil da ez da berriz bueltatuko. Hau buruarekin onartzea erraza da baina bihotzarein, berriz, oso zaila.
Heriotza onartzea kasu batzuetan zailagoa da. Esate baterako, heriotza gertatu zenean urrun egon bada, gorpua ezin izan bada berreskuratu, hileta errituetan parte hartzerik izan ez badu, etab

*Mina sentitu
Mina sentitu behar da eta baita minari laguntzen dioten emozio guztiak: tristura, ernegua, beldurra, errua…
Mina hau besteei erakustea lagungarri suerta daiteke. Edozein modutan ere, min horri irteera eman behar zaio eta emozioak bizi egin behar dira, publikoki edota bakarka.



*Hildakoa barik bizitzen ikasi
Zure mundua geldirik geratu dela sentitu arren, bizitzak jarraitzen du. Sentipen eta ekintzen arteko oreka bilatu behar da.
Dolu prozesua egitea, bakarrik bizitzen ikastea da, erabakiak hartuz. Lehen hildakoak egiten zituen zereginetaz arduratzea, senitarteko eta lagunekin erlazionatzeko modu berriak ikastea, etab

*Bizitzarekiko interesa berreskuratu
Iragana eta mina aske uztea beharrezkoa dela sentituko du. Bizitzak aukera anitz dituela. Zoriontsu izateko nahia zilegia da, eta baita bizitzaz gozatzea, pertsona berriak ezagutzea eta ekintza berrietan jardutea, ere.
Beste pertsona batzuk maitatzea bidezkoa da. Horrek ez du esan nahi hildakoa gutxiago maite duenik.

Dolu prozesua bukatzea eta ahanztea ez da gauza bera.
-Harremana txarra izan bazen, bestea barkatzea eta norberaren burua barkatzea ekarriko du.
-Bestearengan pentsatzea min ziztada sentitu barik eta elkarrekin bizi izandakoa maitekiro gogoratu
-Azken urte edo hilabetetan bizi izandakoari zentzua eman ahal izatea
- Maitasuna ez dela heriotzarekin bukatzen ulertzea.




Halere, ezin da norberaren senera bueltatu, esanguratsua den galera baten ostean, nolabait, horrek pertsona aldatu egiten duelako betiko. Ez dago atzera bueltatzerik eta ezbeharra aldatzea, baina nahigabeari aurre egiteko modua gure esku dago.

Heriotza ohiturak Euskal Herrian

Euskal Herrian, heriotza eta hildako inguruan, ohitura eta erritu zahar asko izan dira. Sarrera honetan honen adibide batzuk jarriko ditugu.
Esate baterako, hilzorian egonda, heriotza luzatzen bazen, teila bat kentzen zuten hainbat herritan, horrela heriotza laburtuko zelakoan.
Gainera euskal gizartean, hileta errituetan, emakumeek gizonezkoek baino garrantzi gehiago izan dute. Emakumeak izan dira neurri handi batean erritu horien bitartekariak.

Hil ostean, beste senideak deitu eta etxeko animaliei ere berria ematen zien, erleei bereziki. Gorpua, etxe bakoitzak zuen bide jakin eta berezi batetik eramaten zuten elizara. Ezin zitekeen bide arruntik erabili. Bide honek izen ezberdinak zituen: elizabide, gorputzbide, andabide, zurrunbide…

Hilerrian etxe bakoitzak bere hilobia zuen. Hasieran, ehorzketak elizan egiten zireneko garaian, hilobia eliza barruan zegoen. Gerora hilerria elizaren inguruan jarri zuten.

Hil meza garaian, etxekoandreak zenbait eskaintza egiten zituen jarlekuan, etxeko hildakoei. Argiaz gain, janariak ere jartzen zituen, normalean ogia (zenbait herritan ogi bereziak ziren, hiru edo lau buru zituztenak), baina haragia eta animaliak ere erabiltzen ziren. Aldi berean, elizaren atarian idi edota ahari bat utzi ohi zuten. Opari gisa ere, hildakoaren ohepekoa (lastozkoa izaten zena), hil bideko lehen bidegurutzean erretzen zuten otoitz bat eginez eta, hainbatetan, ur bedeinkatuaz sua zipriztinduz.

Elizkizunak eta ehorzketa amaitu ostean, senideak eta gonbidatuak etxera joaten ziren mezatako bazkaria zena ospatzera. Bazkarian, otoitza egin ondoren, senideren batek hildakoaren izaera goraipatzen zuen eta gero, denbora pasatu ahala, giroa alaitzen zen, irriak eta txantxak zabalduz han zeuden guztien artean.

Hildakoei egiten zitzaien oparien artean argia zen garrantzi gehien zuena. Iluntasunaren mundu horretan argia ezinbestekoa zela uste baitzuten. Horretarako tortxa eta kandelak erabiltzen ziren; batzuk ezko luzedunak ziren. Hauek ezkogixor edota bildumena izena hartzen zuten. Askotan ohol berezi bati inguraturik zegoen ezkoa; ohol horrek argizaiola du izena. Argizaiolak giza itxura du eta askotan oso landuta dago. Argizaiolak, beste opariak bezala, jarlekuan jartzen ziren.

Norberaren datuak

Mi foto
Itziar
Bilboko mendi puntan dagoen Irakasle Eskolan, Lehen Hezkuntza espezialitatea ikasten dot, eta gezurra badirudi be, honezkero hirugarren maila, beraz azken txanpa.....
Ver todo mi perfil
Plantilla original blogspot modificada por plantillas blog