2009-01-18

Heriotza ohiturak Euskal Herrian

Euskal Herrian, heriotza eta hildako inguruan, ohitura eta erritu zahar asko izan dira. Sarrera honetan honen adibide batzuk jarriko ditugu.
Esate baterako, hilzorian egonda, heriotza luzatzen bazen, teila bat kentzen zuten hainbat herritan, horrela heriotza laburtuko zelakoan.
Gainera euskal gizartean, hileta errituetan, emakumeek gizonezkoek baino garrantzi gehiago izan dute. Emakumeak izan dira neurri handi batean erritu horien bitartekariak.

Hil ostean, beste senideak deitu eta etxeko animaliei ere berria ematen zien, erleei bereziki. Gorpua, etxe bakoitzak zuen bide jakin eta berezi batetik eramaten zuten elizara. Ezin zitekeen bide arruntik erabili. Bide honek izen ezberdinak zituen: elizabide, gorputzbide, andabide, zurrunbide…

Hilerrian etxe bakoitzak bere hilobia zuen. Hasieran, ehorzketak elizan egiten zireneko garaian, hilobia eliza barruan zegoen. Gerora hilerria elizaren inguruan jarri zuten.

Hil meza garaian, etxekoandreak zenbait eskaintza egiten zituen jarlekuan, etxeko hildakoei. Argiaz gain, janariak ere jartzen zituen, normalean ogia (zenbait herritan ogi bereziak ziren, hiru edo lau buru zituztenak), baina haragia eta animaliak ere erabiltzen ziren. Aldi berean, elizaren atarian idi edota ahari bat utzi ohi zuten. Opari gisa ere, hildakoaren ohepekoa (lastozkoa izaten zena), hil bideko lehen bidegurutzean erretzen zuten otoitz bat eginez eta, hainbatetan, ur bedeinkatuaz sua zipriztinduz.

Elizkizunak eta ehorzketa amaitu ostean, senideak eta gonbidatuak etxera joaten ziren mezatako bazkaria zena ospatzera. Bazkarian, otoitza egin ondoren, senideren batek hildakoaren izaera goraipatzen zuen eta gero, denbora pasatu ahala, giroa alaitzen zen, irriak eta txantxak zabalduz han zeuden guztien artean.

Hildakoei egiten zitzaien oparien artean argia zen garrantzi gehien zuena. Iluntasunaren mundu horretan argia ezinbestekoa zela uste baitzuten. Horretarako tortxa eta kandelak erabiltzen ziren; batzuk ezko luzedunak ziren. Hauek ezkogixor edota bildumena izena hartzen zuten. Askotan ohol berezi bati inguraturik zegoen ezkoa; ohol horrek argizaiola du izena. Argizaiolak giza itxura du eta askotan oso landuta dago. Argizaiolak, beste opariak bezala, jarlekuan jartzen ziren.

1 comentario:

Norberaren datuak

Mi foto
Bilboko mendi puntan dagoen Irakasle Eskolan, Lehen Hezkuntza espezialitatea ikasten dot, eta gezurra badirudi be, honezkero hirugarren maila, beraz azken txanpa.....
Plantilla original blogspot modificada por plantillas blog